Historia eta arkitektura
Historia
KDE Linuxen ideia KDEko kolaboratzaile nagusien taldetxo batek sortu zuen Tuxedo Computers enpresaren bulegoetan, 2023aren hasieran Augsburgon (Alemania) egindako Plasmaren lanaldi trinkoan. Haietako batek —Harald Sitter KDEko garatzaile beteranoak— prototipo bat eraiki eta fintzeari ekin zion, eta Akademy 2024an aurkeztu zuen jendaurrean (diapositibak, grabazioa).
Ondoren, Akademy 2025ean alfa argitalpena egin zen (diapositibak, grabazioa).
Izateko arrazoia
- «KDEren sistema eragilea» izatea, KDEk hardware-hornitzaileekin eta erabiltzaileekin zuzeneko harremanak izan ditzan
- KDEren softwarearen alderdirik onenak erakustea
- Kalitate handiko erabiltzaile-esperientzia eskaintzea, aukera jabedunen parekoa edo hobea
- Erabiltzaileek gailuen gidariak, KDEren aukerako eginbideak eta abar eskuz instalatu behar ez izatea
- Oso fidagarria eta berreskuratzen erraza izatea
- Oro har, edukiontzietako aplikazioen eta irudietan oinarritutako sistema eragileen bidez banatutako KDE softwarea hobetzea
- Gure garatzaileek edozein edizio erabil dezakete sistema nagusi gisa, garatzen ari diren produktua eguneroko erabileran probatzeko
Oraingoz berariaz alde batera uztea erabaki ditugun gaiak
- NVIDIA GTX 16xx baino zaharragoak diren txartel grafikoetarako NVIDIAren nukleo-gidari jabeduna (berriagoek sorburu irekiko nukleo-moduluak erabiltzen dituzte, eta horiek sisteman sartuta daude).
- VirtualBox - nukleoaren sorburu-zuhaitzetik kanpoko moduluak behar ditu, eta alegiazko makinetarako beste aukerak ondo dabiltza.
- Hornitzaile jakinen VPNak - nukleoaren sorburu-zuhaitzetik kanpoko modulu bereziak behar dituzte
Arkitektura
Diseinua
KDE Linuxek aurreko KDE neon proiektuan ikasitakoa baliatzen du, eta gorabeherei aurre egiteko gaitasuna, berreskuratzeko erraztasuna, erabiltzeko erraztasuna eta mantentze-premia txikiak lehenesten ditu. Diseinuak inspirazio handia hartu du systemd-ren sortzaile Lennart Poetteringek sistema eragileen diseinuari eta sistemaren hedapenei buruz egindako gogoetetan.
Horrenbestez, KDE Linux «irudietan oinarritutako» sistema eragilea da. Horrek esan nahi du oinarrizko sistema eragile osoa unitate bakar gisa ematen dela, zure ordenagailuan azken produktua osatzeko elkartzen diren milaka paketetan banatuta eman ordez.
Batzuetan, eredu honi «aldaezina» esaten zaio, oinarrizko sistema eragilea ezin delako paketeez osatutako ohiko sistema eragile bat bezala aldatu. Hala ere, terminologia horrek nahasmena sor dezake: KDE Linuxen, /usr bakarrik ematen da irakurtzeko soilik den irudi gisa, eta sistemako gainerako guztia alda daiteke, Linuxen oinarritutako beste edozein sistema eragiletan bezala. Gainera, systemd hedapenak erabiliz /usr ere alda daiteke.
Inplementazioaren ikuspegi orokorra
systemd-boot abio-zamatzaile gisa erabiltzen da.
Abiatzeko irudia ISOrekin bateragarria den .raw disko-irudi bat da, mkosi erabiliz eraikia. Oinarrizko sistema Arch Linuxen paketeetatik dator, eta KDEren eduki gehiena kde-builder erabiliz eraikitzen da. KDEren aplikazio batzuk eta hirugarrenen aplikazio batzuk aurrez instalatutako Flatpak aplikazioak dira.
/ irakurtzeko eta idazteko Btrfs bolumen bat da. /usr haren gainean muntatzen da, EROFS irudi/fitxategi-sistema gisa. Sistema eguneratzean, halako irudi berri bat eta hari dagokion nukleo-irudi bateratua (UKI) zama-jaisten dira. Une oro, sistema eragilearen 3-4 irudi eta haien UKIak gordetzen dira diskoko cachean; horri esker, eguneratu ondoren arazoak izanez gero, aurreko bertsio batera itzul daiteke.
Programa laguntzaile txiki batek zuk aldatu ez dituzun /etc direktorioko edukiak eguneratzen ditu, sistema eragilearen irudi aktiboko /usr/share/factory/etc direktorioan dagoen edukia erabiliz. /etc direktorioaren une jakin bateko Btrfs kopiak automatikoki sortzen dira.
/home Btrfs azpibolumen bat da.
Discoverren erakusten diren erabiltzaileentzako aplikazioak Flathubetik datoz.
Ez da pakete-kudeatzailerik sartzen, baina Flatpak aplikazio gisa erabilgarri ez dagoen softwarea instalatzeko hainbat metodo daude. Gaia bilakatzen ari da, eta litekeena da denborarekin aldatzea.
Nate Graham(e)k CC-BY-4.0 lizentziapean emandako artikulua.